
Aktibatuz proiektuak altxorra aurkitu du Eretza Berri ikastetxean: abentura. I. fasean partaidetzazko diagnostikoa egin ondoren, ikasleek “abentura” euren ikastetxearen osasun-aktibo adierazgarriena zela adierazi zuten. Halaxe da, gainera! Bertako jolastokia oso egokia da miaketarako, bertako liburutegia fantasiazko munduetarako ataria da abenturako liburuen bidez eta egunez egun ikastetxean ikasteko bidea bera berezko abentura da.
Espiritu abenturazale hori lantzen jarraitzeko eta, aldi berean, irakurketa zein ikaskidetasuna sustatzeko, Liburu Azoka jarri zen abian. Hain zuzen ere, irakurzaletasuna, truke kulturala eta Lehen Hezkuntzako ikasleen arteko elkartasuna sustatzea zeukan helburu, etxetik ekarritako liburuen trukearen bidez.
Bidezko truke solidarioa
Lehen Hezkuntzako ikasleak prozesu osoko parte-hartzaile aktiboak izan ziren. Azoka ahalik eta bidezkoena, berdintasunezkoena eta inklusiboena zela ziurtatzeko, trukerako sistema aparta asmatu zuten: bildutako liburu guztiak ikasleen artean ausaz banatzea. Horiek horrela, guztiek parte hartu ahal izango zuten, etxetik zenbat liburu zekartzaten kontuan hartu gabe, eta elkartasunaren balioa sendotuko zen.

Lanari ekin!: azoka prestatzea
Ikasleek eurek azoka prestatu zuten, eta kartel iragarleak diseinatu zituzten, baita “azokarako zenbait zeregin” ere. Zeregin horiek jarduera elkarreragileak ziren, liburu bakoitzean azaltzen ziren eta ikaskideen arteko lotunea nahiz irakurketari buruzko hausnarketa sustatzea zeukaten helburu. Hona hemen zeregin horietako batzuk:
- Ikaskideekin elkarreragiteko:
- “Liburu hau zuretzat da!”, liburua zer kidek izango lukeen gustuko pentsatzeko eta zergatik azaltzeko.
- “Ezkutuko istorioa irudikatu”, liburuko lehenengo abentura asmatzeko eta partekatzeko.
- “Liburuaren detektibea”, beste batzuei liburuari buruz galdetzeko.
- “Azala marraztu hitzen bidez”, liburua azala erakutsi gabe deskribatzeko.
- Azokako liburuan idazteko (kartoi mehe garbiak):
- “Nire liburu gogokoena…”, etxetik ekarritako liburuan gustukoen zer zeukaten partekatzeko.
- “Izen berri bat liburu honentzat!”, izenburu dibertigarri berria proposatu zezaten.
- “Azalaren artea (gauza bakarra)”, azaleko gauza garrantzitsuena edo dibertigarriena marrazteko.
- “Pertsonaia misteriotsua”, ezkutuko pertsonaia asmatzeko eta marrazteko.

Liburu Azoka: trukatzeko eta irakurtzeko eguna
Ekainaren 13an, azokaren egunean, antolakuntza funtsezkoa izan zen elkarreragina sustatzeko eta “irakurtzeko abentura” partekatzeko. Liburuak ikasgelara heldutakoan bildu ziren, eta bina jarraibide jarri ziren liburuetan: batetik, ikaskideekin elkarreragiteko; eta, bestetik, mahaietan zeuden kartoi meheetan partekatzeko.
Mahaiak jarri ziren korridorean, eta, bertan, ausaz banatu ziren liburuak, gutxienez ikasleek liburu bana jaso zezaten. Liburu berriak zeuzkatenean, ikasleak esleitutako zereginak egiten hasi ziren, hau da, elkarreragin, idatzi eta marraztu egin zuten. Erabateko askatasuna izan zuten, irakurtzen esertzeko, liburuak trukatzen jarraitzeko edo euren ideiak kartoi meheetan gorpuzteko. Eretza Berriko Liburu Azoka hau Aktibatuz proiektuaren espirituaren adierazgarri izan denez, egiaztatu egin du ikasleen partaidetza aktiboaren, sormenaren eta elkartasunaren bidez badagoela jarduera bakunena ikaskuntzarako eta elkarbizitzarako benetako abentura bihurtzerik.
