Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek haien eskola osasuntsua nolakoa izango litzatekeen irudikatu dute, haiei ongizatea ematen dieten komunitateko aktiboak (pertsonak, lekuak, zerbitzuak) identifikatuz.

Ikasleek oso argi izan dute eskolako gune komunitarioen garrantzia: jangela, liburutegia, pasilloak… Konturatu dira gune horiek guztiek gure osasun fisiko eta emozionalean eragina dutela. Talde-lanaren bidez, eta sormenez eta kolorez armaturik, beren ametsetako eskola eraiki dute.
Baina erabaki garrantzitsu bat hartu dute: Patio Naturala aukeratu dute ikastetxeko gainerako kideekin eta familiekin batera aldarrikatu beharreko osasun-aktibo nagusi gisa.

Beraien patio naturalerako diseinu eta marrazki ugari sortu ondoren, proiektuak lehen urratsa eman du errealitatean! Ikasleen diseinutik abiatuta, naturarekin konektatutako lehen gunea sortu da: Irakurketa Txokoa.
Hala, joan den azaroaren 27an inauguratu genuen txoko berria, eta ikastetxeko beste ikaskide batzuk gonbidatu genituen ospakizunera. 3. LH-ko ikasleek beraien bizipena kontatu zieten, eta osasuna nola aktiba daitekeen erakutsi zieten, elkarrekin lan eginez eta naturatik hurbil dauden espazioak sortuz.

Proiektu hau hasiera baino ez da. Irakurketa Txokoa sortuta, Munoa Eskolako komunitate osoa animatu nahi dugu gure patio naturala hazten eta hobetzen jarrai dezan, osasuntsuagoa izan dadin. Aktibatuz-ek erakusten du nola ikasleen ideiak gure osasun kolektiborako ekintza zehatz bihur daitezkeen.