Egunkaria

GaldakaoKO UDALEKO XX. BERDINTASUN JARDUNALDIAK

OSASUNAK BADU GENERORIK?

Horixe bera izan zen bi eguneko hausnarketa, eztabaida eta elkarrizketa egituratu zituen galdera, Galdakaoko Udalak antolatutako XX. Berdintasun Jardunaldien esparruan. Urtero, jardunaldiotan, udalerriko berdintasunerako funtsezko gaiak jorratzen dira, eta, aurten, honako hauxe izan dute ardatz nagusi: emakumeen osasuna.

Farmamundi Euskadin eta Erabide Emakume Elkartean, «Aktibatuz: Biziaren, osasunaren eta emakumeen oroimenaren ibilbideak» proiektuan parte hartzeko eta aurkezteko gonbita jaso genuen, eta, bertan, oso hausnarketa zein elkarrizketa interesgarriak partekatu ahal izan genituen beste kide batzuekin.

Hementxe entzun eta ikusi ahal izango gaituzu:

Hasieran ohartarazi zigutenez, Maite López eta Aroa Blanco artistok sutan jarri ginen azkenean. Haserretu, sumindu eta nekatu egin ginen, gizonen zein emakumeen benetako berdintasun eraginkorra eskatzen duten ahots, aldarrikapen, borroka eta adierazpen asko egon arren, oraindik ere bide luzea daukagulako aurretik; eta, are gehiago, osasunaren arloan.

Ahozabalak, histeriko hutsak garela… Nori ez diote halakorik esan noizbait? Jardunaldi hauetan, hain zuzen ere, erotuta ez gaudela azaldu zen, ordea. Izan ere, oraindik ere medikuntzak, azterlanek eta sistema kapitalistak emakumeak ahaztu, estigmatizatu eta ikusezin egiten dituztenez, haien osasuna txarragoa da, eta era guztietako indarkeria fisiko zein mentalak jasaten dituzte. Halaber, nolako gizarteak, kulturak eta ereduak sortzen diren kontuan hartuta, gaur egun emakumea bazara, aukera gehiago dituzu bihotzekoak emanda hiltzeko, eta baliteke garaiz ere ez diagnostikatzea, adibidez. Horren ondorioz, gainera, kontsultan bertan, umetu eta erdeinatu egiten gaituzte, eta gure minak gutxiesten dituzte.

Txiskeroak hartuko ditugu, bai, medikuntzak oinarritzat hartzen dituen azterlan androzentriko, matxista eta patriarkal ugariak erretzeko, baita Paracetamolen, Lorazepamen zein Ibuprofenoren errezetak ere. Kaleetara irtengo gara, elkartu egingo gara, aldarrikatu, dantzatu, eremu publikoa okupatu eta oihu egingo dugu, emakumeok behar besteko eskubidea daukagulako gure gorputzak, benetakoak, ziklikoak eta bakarrak, kontuan hartzen dituen bidezko medikuntza inklusiboa eskuratzeko.

Eskerrak emakumeok elkarrekin, eskutik oratuta, antolatuta eta elkarren arteko babeserako nahiz laguntzarako sareen sortzaile moduan salbatzen dugula geure burua. Jakintzak jabekuntza ematen digu, hausnarketak bultzatu egiten gaitu eta ekintza komunitarioak borroka feministara eramaten gaitu.

Jardunaldi hauek bezalako guneak funtsezkoak dira, baina ez bakarrak. Medikuntzako foroak, unibertsitateetako ikasgelak, kontsulta medikoak, erabaki politikoetarako guneak, farmazia-enpresak, kaleak, elkarteak eta, zer esanik ez, gure etxeak ere badira borrokarako, lehiarako eta ekintza feministarako lekuak, gaur egun oraindik ere beharrezkoak eta premiazkoak direla kontuan hartuta.

Eskerrik asko Lucía Gallego Andrési, Maite Campo Iparraguirreri, Miren Allapont Etxanizi, Andrea Cabeza Rodríguezi, Itziar Aldekoa Castrori eta Ianire Estébanez Castañori, gure osasunaren, gure gorputzen eta gure burmuinen aldeko borrokei ahotsa jartzeagatik.