Aktibatuz proiektua amaitu egin da Sestaoko COAMI ikastetxean, eta, oraingo honetan, geure argitalpenak ixteko, proiektuaren adierazgarri izan den jarduera edukiko dugu hizpide: ikasleek antolatutako jokoen azoka. Lehenengo postean (Futbolaren beherakada egia bihurtu da ikastetxe batzuetan), aztertu egin genuen jolastokian futbola nagusi izateagatik nolako ezinegona sortzen den eta nola mugatzen den elkarbizitza, jolastoki hori txikia denean, batez ere. Bigarrenean (Jolastokia elkarbizitzarako da), ordea, inklusiboagoak diren aisialdi-guneak sortzea zeinen garrantzitsua den eduki genuen aztergai. Jokoen azoka hau, beraz, ikasitako eta hausnartutako guztia abian jartzeko aukera aparta izan da.
Ekainaren 16a eta 18a egun bereziak izan ziren ikastetxearentzat. Jolastokia topaketarako eta dibertsiorako gunea izan zen, eta bertako benetako protagonistak Aktibatuz proiektuan bete-betean parte hartu duten ikasleak izan ziren. Arreta handiz eta gogo biziz, bost joko tradizional prestatu eta dinamizatu zituzten: “Armiarma“, “Stop“, “Zelai errea“, “Erreskatea” eta “Bote-botea“.

Gaur egungo eskola-jolastokietan oso ohikoak ez diren joko horiek ikastetxeko beste maila batzuei aurkeztu zitzaizkien ekainaren 16an; eta familiei, ekainaren 18an. Atsegingarria izan zen ikustea Aktibatuz proiektuko ikasleek nola betetzen zituzten begirale-zereginak: arauak azaltzea, parte hartzeko adorea ematea eta jende guztiak esperientziaz gozatzen zuela ziurtatzea. Dibertsio hutsetik haratago, azokak agerian utzi zuen betiko jokoak berreskuratzea aberasgarria izan daitekeela jolasaldirako, elkarbizitza eta partaidetza inklusiboa sustatzen dituelako ikasle guztien artean. Esperientzia horrek argi-argi egiaztatu zuen joko-aukerak dibertsifikatzen direnean, badagoela espazio-arazoak eta bazterketa murrizterik, jolastokian jarduera bakar bat nagusi denean halakoak sarritan gertatzen direla kontuan hartuta.

Patioa elkarbizitzarako leku gisa
Jokoen azokak proiektuari berezko amaiera emateko aukera eskaini zigun. Une horretan, gainera, teoria praktika bihurtu zen, eta lankidetza zein joko askea eskola-ingurunean daukaten balioaren erakusgarri izan ziren. Esperientzia horrek berretsi egin du zeinen garrantzitsua den aisialdi-gune anitzak eta aberasgarriak edukitzea ikastetxearen egunez egunekoan.