Karrantzan, hezkuntza-erkidegoa irakiten dago erabat! Farmamundin, osasungarriagoa eta, horren ondorioz, zoriontsuagoa den eskola-ingurunea eratzen ari direla ikusi dugu. Aktibatuz ekimenari esker, ikasleek agintea hartu dute euren “Lasai Gunea” diseinatzeko. Izan ere, ikasleek oso gustuko duten txokoa da, eta, laster, ageriko errealitatea ere izango da!
Aktibatuz proiektuko lehenengo fasean, ikasleek aho bete hortz utzi gintuzten hezkuntza-zentro ezin hobeari buruz duten ikuspegia dela eta. Haientzat, pertsonak ziren garrantzitsuena. Ideia horren ondorioz, gaur egun haien zentroa apaintzen duen elkarlaneko horma-irudi zoragarria sortu zen.

Orain, bigarren etapa honetan, ikasgelara itzuli eta bete-betean hasi gara “Lasai Gunearen” ideia lantzen. Ikasleak bost taldetan egon dira banatuta, eta lasaitzeko eremu hori eratzea izan dute helburu. Horrez gain, zergatik den hain beharrezkoa eta, haien ustez, guztion ongizatea nola sustatuko duen azaldu digute.
Zer dela eta “Lasai Gunea”?
Karrantzako ikasleek argi eta garbi dute: atseden hartzeko, lasaitzeko eta indarberritzeko lekua eduki nahi dute eurentzat. Txoko horretan, hain zuzen ere, kontzentratu egin ahal izango dira, estresa baretuko dute eta hezkuntza-erkidego osoarentzako lasaitasun-giroa ere sortuko da.
Guztion ahotsa da garrantzitsua!
Hasierako diseinuak dauzkatenean, ikasleek zentroko jende guztiarekin partekatuko dituzte (ikaskideak, irakasleak, zuzendaritzakoak eta administrazioko zein zerbitzuetako langileak), baita familiekin ere. Ahalik eta iritzi gehien biltzea da xedea, norberaren ideien bidez proiektua aberasteko.

Gogo biziz ari dira lanean, eta “Lasai Gune” hori guztion ekarpenen bidez nola gorpuzten den ikusteko irrikaz gaude. Proiektu handia izango da, eta Farmamundi harro-harro dago bertan parte hartzen duelako!